“Ha venido mi tia la brasileña”, “berza”, “mi prima la pelirroja”… Zenbat izen, zuzenean ez izendatzeko hain ohikoa den zerbait: HILEROKOA? Eta zenbat mito ere, oraindik orain: Ez sartzeko uretara bestela moztu egingo zaizula; hilerokoarekin ez ikutzeko lorak bestela usteldu egingo direla; ez ikutzeko maionesa, bestela ebagi egingo dela. Zenbat negatibitate? Zenbat ezjakintasun? Zenbat tabu! Nondik datoz?

Sarah Maple-en

Sarah Maple-en “Izan hilerokoa harrotasunarekin” irudia

Erika Irusta, “El camino rubí” blogariak argitaratutako post honen arabera, negatibitate eta ezjakintza guzti hori gure kulturek emakumeen gorputzen inguruan zabaldutako desbalorizazioaren ondorio da. Lehenengo, superstizioaren bitartez zabaldutakoak, eta, ondoren, zientziak sortutako teoriekin. Kulturalki emakumeen gorputzen inguruan negatibitate asko jasotzen dugu: ahulak direla, gaixoberak, inestableak… Eta imaginario guzti hori hilerokoan kontzentratzen da. Eta blogariaren esanetan, kulturalki jasotzen ditugun  mezu ezezkor guzti horiek, hilerokoaren bizipen ezezkorrean eragiten dute.Gorputz anitzak garen heinean (ez dago hormonalki, genitalki ez anatomikoki emakume ez gizon izateko eredu bakar bat), ez dago  hilerokoa bizitzeko modu bakar bat nahiz eta gure kulturak hori sinistarazi nahi izan. Eta emakume askok oso esperientzia anitzak dituzte. Batzuek mina sentitzen dute, baina beste batzuek ez. Batzuk tristura sentitzen dute, eta beste batzuek, ordea, edozer egiteko sekulako indarra du.

“Monthlies” bideoa hilerokoa izan berri duten nerabeei zuzenduta dago. Oinarrizko informazioa eman eta indarrean dauden hainbat uste hankaz gora jartzen ditu. Esaterako, minaren ingurukoak:  ez da hilekoaren berezko zerbait. Baizik eta, zerbait ondo ez doanaren seinale. Mina hiru faktorek sortzen dute.  Batetik, hormonen oreka falta. Bestetik utero-lepoaren flexibilitate falta zeinak odolaren jaitsiera zailtzen duen . Eta, hirugarrenik, mina jasanezina denean, espasmoak sortzeraino, patologiek eraginda izan daiteke.

 

Emma Arvidaren "There will be blood" bildumako argazkia

Emma Arvidaren “There will be blood” bildumako argazkia

Gure kulturak txikitatik erakusten digu  lotsagarri bezala bizitzen, begi publikora izkutatu beharreko zerbait bezala sentiarazten. Zeren eta, hilerokoarekin mantxatzen bazara eta ingurukoek ikusten badute txarri bat zara, zikina. Iragarkiek ere indartu egiten duten irudi bat da. Produktu desberdinak saldu nahi izaten dizkigute hilerokoa besteen begietatik ezkutatzeko: txarto ez usintzeko, ez nabaritzeko, gure aluak garbi mantentzeko…

Tabú eta negatibitate guzti horri aurre egin eta salatzeko, hainbat ekimen sortu dira azken aldian. Emma Arvida Bystrom argazkilariak hilerokoaren tabuei desafio egiteko “There Will Be Blood” argazki bilduma osotu du. Bildumaren xedea da hilerokoa bizitza publikoan integratzea,  izkutatu beharreko zerbait izateari uzteko. Erakusteko, ez dela ezer gertatzen mantxatzeagatik, ez dela zerbait zikina.

Sarah Maple-en  ”Izan hilerokoa harrotasunarekin” irudia ere oso ezagun eta polemikoan bilakatu da.“Uste dut lotsaren izugarrizko karga existitzen dela emakumearengan. Nire hilerokoarekin hasi nintzen guztiz izututa nengoen, sekulako umiliazioa zela pentsatzen nuen. Eta bizipen guzti horietan, zerbait kulturala dagoela pentsatzen dut” Obraren xedea da, beraz, hilerokora heltzear dauden edota hilerokoa duten nerabeek berak bizitako sentimendu ezkorrak ez sentitzea. “Gustatzen zait tabuez barre egitea  eta hori da egin dudana pinturarekin. Horren inguruko drama sortu nahi nuen, erlijio pintura klasikoetan bezala eta horregatik du erlijio altarearen forma. Ikusten dira denak hain alarmatuta eta shock egoeran, barrezka bukatzen duzula”

 

Facebook-eko “Visibilidad menstrual” orrialdearen helburua da hilerokoaren bisibilitatea sustatzea hainbat eremutan: eskolatan, lanean, jaietan, ekimenetan… “Ezagutzera ematea hilerokoarekin gaudela naturalitate osoarekin modu sinple eta praktiko batetan, pultsera edo brazalete gorri batekin. Elkarrizketa zabaltzea, galdetu ahal izatea nola sentitzen garen. Errespeturako eta tabuen desagerpenerako pausu bat da”. Madrileko Sangre Menstrual kolektiboak, bestalde, hainbat ekintza burutu zituen 2010an emakumeen gorputzen eta bizipenen inguruan ezarritako ikusezintasuna zein kontrola salatzeko”. Emakumeen gorputza espazio politiko bezala aldarrikatzen zuten, eta, horregatik, “Hilerokoaren Ikusgarritasunaren Aldeko Manifestua” (Manifiesto por la Visibilidad de la Regla” argitaratu eta hainbat kale ekintza antolatu zituzten.

Ezinbestekoa dugu gure gorputza ezagutzea eta, batzuetan, jasotzen ditugun mezuei entzungor egitea, gu geu izateko. Eta galdetzea zer garen, zer sentitzen dugun, nolakoak izan nahi dugun! Margoztu ditzagun kaleak gorriz!

 

Beldur Barik 2013-ra hilerokoaren inguruan jasotako lana

Iragarkiek, telebistako programek, aldizkariek edota filmek gorputz eredu batzuk saltzen dizkigute, denak berdinak, neurri eta forma berberekoak: ile luze-luzedunak, 38 tailakoak, arropa garestiekin jantzitakoak, argalak, sekulako titiekin, bilorik gabekoak, azal leunekoak… Hori da saldu nahi diguten edertasun eredua eta ingurura begiratzen badugu existitzen ez dena. Eta horregatik, beti geratuko gara kanpoan. Argalegiak izatearren. Edo lodiegiak. Zuria ez den azal kolorea izatearrean, baina baita eguzkirik hartu ez izateagatik ere. Baxuak. Eta altuegiak. Titi bat bestea baino handiagoa duena, edo jausiak dituenak. Hortzak zuriak eta ilaran ez izateagatik.

Gorputz ezinezkoak jartzen dizkigute helmugan. Baina, jakin badakigu, iragarkietako gorputz horiek photoshoparekin guztiz manipulatuta daudela. Gezurretazkoak dira, plastikozkoak. Eta fikzio hori salatzeko, “La rueda invertida”  kolektiboak honako ekimen hau burutu zuen:

“Modeloen irudiak neurri gabeko mugetara arte exageratzen dira, bizitasun guztia kentzera arte, beraien azalak plastikoan bilakatu arte. Ekintza honekin publizitateko argazkiak, benetako emakumeekin alderatu nahi izan ditugu. Plastikoa azalaren aurrez-aurre, errealitatearekin oso zerikusi gutxi duen modelo estetikoaren ideala”.  Aldatutako irudi guzti horiek gure inguruaren eta gorputzen inguruko gure pertzepzioa alteratzen dutelako!

Iragarkiek hainbat produktu saldu nahi izaten dizkigute gorputz ezinezko horietara heldu ahal izateko. Sinistarazi nahi digute horietara helduz gero, arrakasta izango dugula, zoriontsuak izango garela. Printzipe urdina “lortuko”dugula, guztion inbidia izango garela. Aspaldiko post honetan eskakizun horiei barre egiten zioten hainbat ekimen ematen genituen ezagutzera:

2011ko Beldur Barik lehiaketara aurkeztutako “Garena” lana.

Baina eskakizun guzti horiei erantzun behar izanak ez digu uzten gure edertasuna ikusten, bizitzako plazerrez gozatzea. Film batek zioen bezala, benetazko emakumeek kurbak dituzte. Eta baita estriak ere, eta zelulitisa… Benetako gorputzak, bizitza errealekoak, kaleetan ikusten ditugunak, ez dute zerikusirik telebistetan zein aldizkarietan ikusten ditugunekin, gorputz paisaia oso anitza delako. Proyecto Khalo web-guneak “Mujeres Tigre” post-a argitaratu zuen orain dela 2 aste eta modu natural batetan erakusten zuten, estriak zerbait ohikoak direla eta horregatik, gorputzek ez diotela ederrak izateari uzten. Ez dago akatsik. Gure “inperfekzioek” aparteko zerbait bilakatzen gaituztelako, besteengandik ezberdintzen gaituen zerbait. Utz diezaiogun gorputz uniformeak izateari, plastikozko manikiak izateari. Eta aniztu dezagun  gorputz paisaia!

Elkarbanatu gurekin, berezi egiten zaituen gorputzeko parte hori! Bialdu argazki bat edo komentatu idatzita gurekin, zer den gustatzen zaizuna, zergatik…

Las Crudas taldearen “Gordas” abestia

depilacion05

Rocio Salazarren ilustrazioa

Zenbat aldiz geratu zara hondartzara joan gabe, zure herriko plazan botata kriston beroa pasatzen, hankak depilatuta ez izatearren? Zenbatetan ez zara irten juergan alua ilez beteta duzulako eta, badaezpada ligatzen duzun? Zenbatetan eman dizu kriston lotsa barran zaudela besoa altzatzea zerbeza bat eskatzeko besapeko ileengatik? Edota zenbatetan moztu zara nahi gabe, egin dituzu kriston aberiak kutxillekin edota ubeldurak tiroiekin?  Ze zentzu dauka guzti horrek?

Batzuek nahiko argi dute depilatu nahi duten edo ez. Baina beste batzuek ez. Zer egin? Depilatu bai edo depilatu ez. Ematen du tontakeria bat dela, ez dela batere eztabaida traszendentala. Baina, gaur-gaurkoz, mugatu egiten gaituen gai bat da: gauzak egiteari uzten diogulako, mina ematen digulako, diru pila gastatzen dugulako. Baina, batez ere, askotan ez delako gure erabaki propioz egindako zerbait, baizik eta, gure ingurukoen komentarioak, askotan, larregizkoak izaten direlako.

Ileak bai, ileak ez eztabaidetan osooooo ohikoa izaten da esatea “Ez dagoela presiorik emakumeekin. Bakoitzak egin dezakeela nahi duena, eskubidea dugula erabakitzeko depilatzea edo ez depilatzea. Mutilak ere depilatzen direla” Ia. Mutilak ere depilatzen dira, egia da, geroz eta gehiago, gainera. Azken aldian, geroz eta mezu gehiago bidaltzen zaizkie. Baina aukera bat da. Nesken kasuan ez: oraindik orain, derrigortasun bat da. Zeren eta, neska izanda, erabakitzen baduzu ez depilatzea ikusiko duzu nola iltzatzen diren zure ingurukoen begirada eta txutxumutxuak zure bigotean, besapeetan, begitartean, ingleetan edota hankatan.  Eta geroz eta, argiago eta ozenago entzungo duzu: “zikina”, “zeantifemenina”, “antierotika”…  Arau desberdinak daude emakumeentzat eta gizonentzat gai honen inguruan. Gorputz guztiz ezberdinak izango balira bezala: ilerik gabeko gorputzak,  emakumeenak, eta iledunak, bestetik, gizonenak. Baina hori fikzio bat da, azken urteetan komunikabideek indartu eta depilazio laserrak  erraztu duen fikzioa. Emakume zein gizon, denok, ileak ditugulako gorputz osoan.

Hainbat mito daude gorputzeko ileen artean eta bat higienearena da: gorputzeko ileak antihigienikoak direla.  Baina, egiatan, beraien funtzioa betetzen dute: izerdia erregulatzen dute, azalaren deshidratazioa prebenitzen dute eta fereken sentzazioa areagotzen dute! Askok esaten dute, besapeak eta aluak depilatzea higienikoagoa dela. Baina hori ez da egia. Aluko ileek zona genitalean bakteria eta bestelako mikrobioak sartzea galarazten dute.  Eta besapeetan, izerdia xurgatzen dute, eta, beraz, usai gutxiago sortu.

Irene Grueiro-ren “Pelos” dokumentala

Beste batzuetan, argudio estetikoak erabiltzen dira. Emakumeengan ez dela ondo geratzen, ez dela estetikoa, ez dela femeninoa, antierotikoa dela. Aurreko bideoan ongi azaltzen denez, ilerik ez izatea, azken urteetako moda bat da. Zergatik hainbeste eskakizun emakumeen gorputzen inguruan? Zergatik hainbeste etiketa? Batzuen ustez, negozio bat delako.

mi coño y yo nos vamos de vacaciones

Ana Belen Riveroren ilustrazioa

Halere, geroz eta neska gehiago dira aurre egiten diotenak kultura matxistak eta eredu kontsumistak inposatu nahi diguten kanon estetiko honi.Interneten pil-pilean dagoen gai bat eta famosa askok ere, planto egin diote gai honi. Facebook-en badaude taldeak non emakumeek beraien iledun besapeak erakusten dituzten.  Paloma Goñi kazteriak ere, bere “Aires de cambio”blogean kontatzen digu nola udaren helduerarekin erabakitzen duen ez depilatzea. Kontatzen digu inoiz ez zaiola gustatu eta egiten izan duenean, besteek zer esango dutenagatik izan dela. Aldarrikatzen du aukera bat izan behar dela, egitekotan norberak erabakitzen duen zerbait  izan behar dela eta ez, hainbeste, derrigortasun kultural bat. Ben Hopper argazkilariak 2007tik darama besapeetan ileak dituzten modeloei argazkiak ateratzen  ”Natural Beauty”-n  ”jendeak edertasun estandarrak ezbaian jarri ditzan”.

Rocio Salazar ilustratzaileak ere planto egin eta ez depilatzea erabaki du. “¡CÓMO VAN A SER MASCULINOS LOS PELOS DEL CHOCHO!” , osatzen duten ilustrazioekin gorputzeko ileen garrantziaz eta horien inguruan dauden tabues pentsarazten digu.  Ana Belen Riverok ere, aluko ileak errebindikatzen ditu  “SOMOS POBRES EN EUROS, PERO RICAS EN PELOS DEL COÑO” liburuko tira komikoekin.

Depilatu bai, depilatu ez? Bakoitzaren erabakia izan dadila! Norberak erabaki dezala zer egin bere gorputzeko ileekin, eskubide guztia dugu. Ezagutu ditzagun nondik datozen eskakizun horiek eta zein ondorio dituzten gure gorputzetan. Eta ingurukoen komentarioen aurrean, erakutsi dezagun gure Beldur Barik Jarrera!

Eta zuk, ze iritzi edo bizipen duzu gai honen inguruan? Ezagutzen duzue edertasun kanon horiei aurre egiten dioten bestelako ekimenik? Elkarbanatu gurekin!

 

edertasuna

Edertasuna: aukera edo inposizioa?

Gure gorputzen eta itxuraren inguruan ohikoak izaten diren mezuak pil-pilean daude behin uda helduta. Bai, “operación bikini”-az ari gara, neska eta mutiloi “gorputz perfektuak” lortzeko irenztarazten dizkiguten mezu pila horiez. Mutilei indartsuak izatea eskatzen zaie, igerilekuko “katxas”-a, gorputzeko muskulu guztiak guztiz perfilatuta izatea, horretarako, gimnasioan hamaika mila ordu sartu behar badituzte ere, eta negu osoa arroza eta oilaskoa jaten egon behar badute ere. Neskei helarazten zaizkien mezuak pixka bat kontraesankorragoak, eskizofrenikoagoak dira. Batzuetan eskatzen zaie , moden hileroko tendentziatara egoteko, beti guapa joateko, makilatzeko, janzkera zaintzeko, orrazkeraz aldatzeko hilero, ilerik ez izateko gorputz osoan… Eta, beste batzuetan, ordea, ez pasatzeko. Ea nolatan doazen horrela makilatuta, jantzita. Ematen duela “zerbait bilatzen” dabizela.

Mezu horiek edonondik datoz, gure familiarengandik, lagunengandik, auzokoengandik…  Iragarkiek ere, gorputz ezinezkoak saltzen dizkigute, uniformeak, plastikozkoak. Nor heltzen da horietara? Inor. Ez direlako benetazkoak. Baina siniztarazten digute horiek direla edertasunaren eta zoriontasunaren helmuga, nahiz eta heltzeko esfortzu amaigabean guztiz frustratuta eta zorigaiztoko sentitu.

Eta, berriz ere, galdera bera. Non dago muga? Zergatik eskatzen zaizkigu hainbeste gauza, batez ere, neskei? Zergatik, funanbulista bezala ibili beharra oreka bilatzen ezinezkoaren artean? Berdin da zer egin, nola jokatu, nola adierazi. Maitena Monroy-k bere autodefentsa feministarako ikastaroan esaten duen bezala, egiten duguna egiten dugula ere, beti izango gara kritikatuak. Noregandik? Kultura matxistarengandik, patriarkatuarengandik. Neska zein mutilei bidalitako mezu guzti horien helburua da, gorputz eta sexualitateak kontrolatzea, erregulatzea. Aniztasuna egon badagoela ukatzeko, pertsona izateko hamaika mila modu badaudela izkutatzeko.

Beraz, bidali ditzagun mezu guzti horiek pikutara! Eta egin dezagun gure gorputzekin sudur puntan jartzen zaiguna!Gozatu dezagun !

Txokorro-Bilboko Feminista Anitzen Gunea-k egindako bideoa.

Uztailan, zehar, gure gorputza, itxura, jarrerak… direla eta, jasotzen ditugun mezuen inguruan hitz egingo dugu eta horiei aurre egiteko ekimen desberdinak emango ditugu ezagutzera.  Elkarbanatu zuek ere zuen estrategiak gurekin! Nola bialdu pikutara?


 

Ekainan, ligatzearen eta ez ligatzearen harira,  jai giroan hain ohikoak izaten diren indarkeria sexistaren adierazpenen inguruan hitz egin dugu. Gaian gehiago sakontzeko asmoz, Saioa Iraola, Bilgune Feministako kidea elkarrizketatu dugu, emakumeon autodefentsa ikuspegi feministatik jorratzen egiten duten lanagatik. Izan ere, hainbat tailer burutzen eta baliabide landu dituzte gai honen inguruan. Hori guztia izan dugu hizpide. Elkarrizketa osorik irakurtzeko aukera izateaz gain, bideo-laburpen bat ere baduzue.

ZER DA BILGUNE FEMINISTA?

“Bilgune Feminista Euskal Herri mailako erakundea da, orain dela 12 urte sortutakoa. Nolabait, tradizio feministaren, euskal feminismoaren oinordekoak garela. Gure jarduna, Euskal Herrian kokatzen da eta gure helburua da Euskal Herri feminista eraikitzea. Hasieran, emakumeon egoera zein den aztertzeko egindako diagnostikotik ikusi ahal izan genuen, patriarkatua jendartearen esparru desberdinetan egituratzen den bezalaxe, berari aurre egiteko, gure jarduna ere esparru desberdinetakoa izan behar dela: komunikabideak, kultura, instituzio politikoak, sozioekonomia, indarkeria sexista eta hezkuntza. Eta bakoitzean,  norabide eta lanketa desberdinak antolatu dira, ildoak, alegia. Indarkeria sexistaren arloan, esaterako, autodefentsa feminista lantzen dugu”

ZERGATIK GERTATZEN DIRA ERASO SEXISTAK JAIETAN?

“Jaiak badira eduki sinboliko handia biltzen duten kultur adierazpena, errealitatearen adierazpena. Gure egunerokotasunaren parte diren errealitate batzuk dira. Baina errealitatearen modu kondentsatu bat zeinetan erritoak, ohiturak, tradizioak, euforia… Nolabait emozio desberdinak batzen dira. Eta emozio eta errealitate guzti hoiek ere, gure jendarte patriarkal eta kapitalista honetan lantzen eta erreproduzitzen diren ideiak, erritoak, errealitateak ere badira.  Eta eskubide urraketa ere ematen da jaietan. Arlo desberdinetan ikusi edo aztertu genezake nola ematen den indarkeria sexista jaietan . Festak gure herrietan hasi berri dira eta ia badaude salaketak, eraso sexista desberdinak ematen dira eta hoien salaketak jaso ditugu. Arrasaten, Txantrean…

Indarkeria sexistari dagokionez, Bilgune sortzen denetik, egiten da lanketa bat da. Batetik, indarkeria sexista zer den ezaugarritzeko eta adierazteko . Zeren eta, egia da, askotan, zailtasunak daudela eraso bat zer den identifikatzeko . Eraso bat bada irain bat, begirada zikin bat, piropo zikin bat… Baina bada ere, zerbait fisikoagoa izan ahal dena: eraso fisiko bat, zaplasteko bat edo ipurdian jotzea. Eraso sexisten ezaugarritzea bada garrantzitsua, baita jaietan ere”

ZERGATIK AUTODEFENTSA FEMINISTA?

“Gure apustua, 3-4 urte batzuetatik hona izan da… Eraso sexisten salaketa garrantzitsua da, instituzioei neurri eraginkorrak eskatzea garrantzitsua da, prebentzioa lantzea erem garrantzitsua da: prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramatea… Baina garrantzitsua da ere, emakumeokin lanketa bat egitea. Erasoen aurrean defenda gaitezkeela sinisteko, gure buruek sinisteko. Ahalduntze prozesu bat emateko ere, eta nolabait, erasoak identifikatzeko ere. Izan ere, gazteekin lanean, askotan kostatu egiten da identifikatzea begirada bat, beharbada, eraso bat dela. Edo leku baten ez garela eroso sentitzen, seguru sentitzen eta ea zergatik ez dugun sentitzen leku seguru bat dela. Guk lanketa guzti horiek egiten ditugu autodefentsa feministaren bitartez”

ZER DA, BERAZ?

“Guk autodefentsa feminista ulertzen dugu dela jarrera bat, errealitateri aurre egiteko jarrera bat. Baita ahalduntze prozesu bat ere, zeina hasten den norberak indibidualki egiten duen lanketa batetatik eta lan hori kolektibizatzetik. Hau da, eraso bat zer den edo ez den, beldurra nola kudeatzen den. Hau da, txikitatik emakumeoi hezten gaituzte esanez: kontuz gauean, kontuz kale horretatik … Eta nolabait mezu guzti horiek beldurra indartzen dute gugan”

EMAKUMEOI, ETENGABE, BELDURRAREN MEZUAK IGORTZEN DIZKIGUTE…

“Beldurra emozio bat da baina etengabe sentiarazten digute eta askotan identifikatu gabe, beldur horri aurre egiteko zer egin genezakeen. Zeren eta, beldurra emozio bat den neurrian, horren kontzientzia hartu beharra daukagu baina sozializatu egin beharra dugu. Hau da, egoera askotan beldurra sentitzen dugula, emakumeon artean baina baita ere, beldur hori kanalizatzen.

Beldurrari aurre egin behar diogu, zeren eta, beldurraren blokeoak ekarri dezake izua eta ez erreakzionatzeko edo blokeatzeko aukera hori. Eta hori gertatu ez dadin , erreminta batzuk behar ditugu, bitartekoak. Baina lehenengo kontzientzia hori hartu beharra dugu, eta sozializatu egin behar dugu beldur hori sentitu egiten dugula”

NOLA PROPOSATZEN DUZUE LANTZEA AUTODEFENTSA FEMINISTA?

"Beldurrak gurekin jai, ekin autodefentsa feministari" txostena

“Bilgunen lan-talde bat dago autodefentsa feministaren inguruan eta urteetan egon diren ekarpenak, jakintza guzti horiek bildu, eztabaidatu eta euskarazko bitarteko bat sortu du “Beldurrak gurekin jai. Ekin autodefentsa feministari”. Hemendik , nolabait, patriarkatuaren deseraikitze bat egiten da. Hau da, zer da patriarkatua, nola egituratzen den, ze lotura dituen gure jendartearekin, emakumeen eskubide urraketarekin. Eta bigarren atal bat bada emozioen ingurukoa, beldurraren sozializazioa, kontzientziazioa, kudeaketa. Autoestimaren ingurukoa. Zeren eta emakumeok gure autoestima lantzea, ezinbestekoa da, beharrezkoa jarrera autonomo bat, ziur bat izateko. Azkenean, txikitatik jasotzen ditugun mezu desberdinek irudi estetikoaren inguruan, sexualitatearen inguruan zer-nolako jarrera edo papera izan behar dugun emakumeok. Espazio publikoan eta espazio pribatuan izan beharreko paperaren inguruan … Ba guzti horren gaineko lanketa bat egitea ezinbestekoa da.

Bestalde, autodefentsa feministaren ariketa desberdinak ere lantzen ditugu, norberak lantzeko, kolektiboki lantzeko. Eta azkeneko zati bat da erasoei erantzutea, eta indibidual eta era kolektibo baten. Eta horretarako erreminta desberdinak lantzen ditugu txostenean. Urte dezentetako lana da eta guretzat erronka bat da, ezinbestekoa, emakumeekin autodefentsa feminista lantzea. Azkenean, egunerokotasunean bizi ditugulako eraso desberdinak. Eta autodefentsa feminista ez da, soilik, teknika fisikoen bilduma bat, baizik eta jarrera bat da. Eta jarrera hori lantzeko prozesu bat behar dugu eta ahalduntze prozesua da hori, kontzientzia hartuz norbera nola eraiki den, ze autoestima dugun, beldurra, gorputz itxurarekiko zein beldur ditugun, espazio publikoan jarduteko … Guzti hortaz, motxila hori atera, aztertu, horren kontziente izan eta norberak erabaki dezala zein jarrerarekin egin nahi dion aurre biziari orokorrean eta erasoei zehazki”

INDARKERIA SEXISTAREN, ETA ZEHAZKI SEXU INDARKERIARENMUINEAN, SEXUALITATE EREDU KONKRETU BAT EGON DAITEKE?

“Gure ustez, ezinbestean, patriarkatuaren eta gure jendarte egituratzearen inguruan hitz egiten dugunean, ezinbestekoa dugu hausnartzea sexu-genero sistemak zein sexualitate eredu erreproduzitzen eta indartzen duen, eta horrek nola eragiten digun emakumeoi. Gure analisia da bizi garela jendarte eredu baten zeinetan, sexualitate eredu bakarra den hobetsia eta lehenesten den, dela heterosexuala, emakume batek eta gizon batek osatua. Bikote harreman baten oinarritzen dena. Hau da, nolabait, sexualitatea ulertzen da bizitzako fase berdinetan sexualitate era bat izan behar duela. Hau da, 30 urtera arte izan gaitezke nahi duguna, harremandu  gaitezke pertsona ezberdinekin, beti ere, arautua bada, bikote ereduan baldin bada. Baina, nolabait, 30 urtetik aurrera proiektatzen da ezkontza. Guretzat ezkontza da arau sartze horretan oinarrizko elementu bat, kontratu ekonomikoa izateaz gain. Ezkontza, seme-alabak… Hau da, sexualitate eredu bat zeina ugalketara bideratuta dagoen, gorputz ugalkorretan ematen dena eta desira ugalkorrari lotua.

 Hori da, nolabait, elementu klabea iruditzen zaiguna, gaur egungo sexualitate eredu hau sistema kapitalistari dagoela lotuta. Sistema kapitalistak behar du erreprodukziora begirako sexualitate eredua, zeinetan, emakumeok dugun paper bat eta gizonek beste bat. Zeinetan gizona den aktiboa, indartsua … Rol horietan eraikitzen dute edo inposatzen zaie beraien identitatea eraikitzea. Eta emakumeoi, otzana, sumisa izatea sexualki ez hain aktiboak. Eta rol horien indartzea eta erreprodukzioa ematen da gaur egungo sexualitate ereduen bitartez, zeinetan hobesten diren eta legitimizatzen diren praktika sexual zehatz batzuk. Hau da, koitora. Koitozentrismoa deitzen diogu, koitoa oinarri duten praktika sexualak baino ez dituela bultzatzen egungo sexualitate ereduak. Komentario asko, gure artean, gazteon artean: Zer, ligatu duzu? Bueno … ligatu-ligatu ez, baina bueno, ligatu-ligatu bai. Zer da ligatu-ligatu ez?Koitoa ez dutela praktikatu pertsona batekin? Eta erdi ligatu da musu batzuk eman ditugunean, begiratu garela, ukitu garela laztandu garela?

Eredu hau indartzeko badago ikus-entzunezko ekoizpen pila bat: pelikulak, serieak, bideojokoak, aldizkariak, musikak, bideoklipak… Zeinetan indartzen den praktika batzuk”

 SEXUALITATE EREDU HORREN AURREAN ZEINTZUK DIRA AUKERAK?

“Gure lanketa bada, batetik, irakurketa bat egitea inposatzen zaigun sexualitate eredu honen inguruan eta pixkanaka, joatea sortzen bestelako sexualitate eredu batzuk. Sexualitate praktika anitzei, dimentsio politiko bat ematea. Hau da, sexualitatea ez da zerbait pertsonala, bada zerbait politikoa, gure bizitzetan guztiz eragiten duena. Eta, horregatik, aitortza eta dimentsio politiko bat eman behar zaio. Gure etengabeko saiakera da, geroz eta gehiago garela, zailtasunak-zailtasun, bestelako sexualitate eredu baten aldeko apustua egiten dugun herritarrak. Hau da, oso zaila dela, ezinezkoa ez esateagatik, sistema kapitalista-patriarkal honek planteatzen duen sexualitate eredu itxi horren baitan kokatzea eta beharrezkoa ikusten dugula, bisibilizazio bate matea bestelako sexualitate eta identitateena: lesbioanona; transexualen errealitatea, bizipenak, jendarteratzea; gay-ena; ama bakarreko familia ereduak; lagunarteak osotutako familia ereduak geroz eta gehiago direla … Hau da, adieraztea, inposatutako eredu horretan badaudela geroz eta bide gehiago, bidezidorrak, eta horien bila joan behar dugula.”

SEXUALITATE ETA IDENTITADE ANIZTASUNA ISLADATU NAHI IZAN DUZUE ARRAKALAK PROIEKTUAREKIN.

“Horretarako dokumental bat osotu dugu “Arrakalak” izenekoa. Guk planteatzen dugu patriarkatua badela haitz handi bat bere araua heterosexualitatea dela, koitoan oinarritutakoa, bikotean, ezkontzan … Eta haitz guzti horretan izan gaitezen arrakalak, beste bizi eredu batetan bizi nahi dugulako, bestelako sexualitate eredu baten eta bestelako identitate batzuekin …”

JAI EREDUEN INGURUKO HAUSNARKETA INTERESGARRIA ERE PLAZARATU DUZUE “FESTA DEZAGUN GAURDANIK GEROA” DOKUMENTALAREKIN

Badaramagu urte piloa lantzen jai parekideen aldeko lanketak. Jaiak badirelako testuinguru bat non iruditzen zaigun zapalkuntza

"Festa dezagun, gaurdanik geroar" dokumentalaren irudia

desberdinak ematen diren. Eta errealitatearen parte diren heinean eraldatu egin behar dugula uste dugu. “Festa dezagun geroa” dokumentalarekin hainbat gauza landu nahi izan ditugu. Batetik, adieraztea, festak zer diren. Hau da, gure gizartearen ordena erreproduzitzen dituzten errito eta ohiturak direla. Sistema kapitalista eta patriarkalaren orden hau, espazio publikoaren egituratzea, espazio pribatuaren beste bat. Askotan, tradizioaren izenean eskubide urraketa ematen delako gure herrietan. Eta dokumentalean saiatu gara azaltzen guretzat zer diren festak eta zergatik eraldatu behar dugun. Era berean, ezagutzera ematen dugu baita ere , Euskal Herriko herri desberdinetan, emakumeen parte-hartzea bultzatzeko egiten diren ekimen desberdinak. Geroz eta ekimen gehiago egiten dira “Emakumeak plazara”, herri kiroletan ere geroz eta emakume gehiok hartzen du parte. Dokumentalean lantzen den beste ildo bat da, jaietan eraso sexisten aurrean ze protokolo lantzen diren gure herrietan, nola egiten zaien aurrean. Garrantzitsua baita herriak antolatzen dituzten agente desberdinen artean erantzun protokolo bat osatzea ze jaietan ematen diren erasoak ez da soilik talde feministen erantzukizuna soilik. Hau da, herriarena da erantzutearen ardura.

Errebisio bat egin behar dugu festen antolaketan, egitarauan eta festetan bertan, ikuspegi feminista bat txertatzeko. Hau da, nola antolatzen ditugu, ze espazioetan, zer-nolako parte-hartzea duen, egitaraua, egitarauarekin lortu nahi dena, ze jendearengana heltzen garen Eta horretan inplikatu behar direla Jai Batzorde eta Txosna Batzordeak.”

 


Uda eta jaiak estreinatu berritan, gertatu dira, jada, gurean ere, hainbat sexu eraso eta gehiegikeria:
Hernanin, Arrasaten edota Txantrean, kasu. Eta horien aurrean, sexu gehiegikeria horiek ekidin asmoz, ohikoak izaten dira neskoi igorritako betiko mezu eta gomendioak: ez joateko bakarrik, ordu-txikitan ez ibiltzeko… Emakumeak biktima ez izateko gomendioak.

Baina, zergatik ez alderantziz? Nortzuek dute arazoa? Emakumeek edo erasoak burutzen dituztenek? Zergatik ez, sexu-erasotzaile ez izateko gomendio eta mezuak? Zergatik ez, sexu-erasoak nola ez burutu gomendatzen dituzten mezuak? Badirudi, gure egunerokoan parekidetasunerako nolabaiteko diskurtso bat dugula, pakto bat ezarrita, zeina “politikoki egokia” den plano batetan errespetatzen dugun. Baina badaudela testuinguru batzuk, non ulertzen den pakto horiek albo batera utz daitezkeela, badagoela “benetako zena” ateratzeko askatasuna edo permisibitatea. Beraz, esan genezake gure kontzientziatan badaudela zenbait “puntu itsu”.

Beraz, ezinbesteko dugu jaietako “puntu itsu” horiek azaleratzen lagunduko dizkiguten mezuak. Esatea, posible direla beste era batzuetako jaiak.  Ezbaian jarri behar ditugu, naturalizatuta ditugun jokaera horiek. Ezinbesteko ditugu sexu-erasoei Beldur Barik aurre egiten dioten ekimenak. Honen harira, hainbat herrietako jaietan, neska-mutilek, emakume-gizonek, eraso sexisten aurreko beraien gaitzespena adierazteko ekimenetan hartu dute parte..

Irunen, esaterako “Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea!” ekimena atera dute. Ekimenaren xedea da “…festetan sortzen diren indarkeriazko espazio inpuneak borrokatzea, barrearekin eta ironiarekin (…)barre egiten diogu emakumeak jaietan gozatu ezin dugula pentsatzen duenari, barre egiten diogu matxistari, arrazistari, homofoboari”. Horretarako, besteak beste, photocall antzeko bat antolatu dute jendeak bibotea jarrita argazkia atera eta eraso sexisten aurka daudela adierazteko.

 San Ferminetan ohikoak diren sexu-erasoen inpunitatearekin apurtzko Gora Iruñea herri-plataformak eta Eraso Sexisten aurkako Emakumeen Plataformak, elkarlanean, #zeroeraso  ekimena antolatu dute. Ekimen horretan, elkarte desberdinek hartu dute parte, eraso sexisten aurreko beraien jarrera aktiboa erakusteko. Eta horretaz gain, autodefentsa feministarako hainbat ikastaro antolatu dituzte  “…erasotzen gaituen orori aurre egiteko Autodefentsa Feministarekin. Preparatu egingo gara, gure arteko sareak ehunduko ditugu, elkartuta indartsuagoak garelako”

Imagen de previsualización de YouTube

 

Eta zuen herrietan, antolatu al dituzue sexu-erasoen  inpunitatearekin, puntu itsuekin, hausteko ekimenik? Elkarbanatu gurekin! Elkarbanatu Beldur Barik Jarrera!!

Página 1 de 11712345...102030...Última »